XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ultzamako hizkera egoera honetako dago?

Aurrean esan bezala, egoera honetara heltzeko, faktore ezberdinei egin diegu erreferentzia: faktore demografikoei, ekonomikoei eta politikoei, eta zoritxarrez, denak, gehiago ala gutxiago, gertatu dira eremu honetan.

Hizkuntzaren beherakadaren seinale bat izan ohi da hizkuntz menperatzailearen kontrako erreakzioak ez ateratzea. Baina, aurrekoen aurkako fenomenoak ere sor daitezke. Hauek gertatzen dira hizkuntza ikasten ari diren ikasle taldeengan eta haien helburua hizkuntza dotoretzea eta bizkortzea da, aberatsago egitea, eta berarengandik ateratzea exotikoena eta bereziena.

Aurrean esandakoaren adibidetzat daukagu hitanoaren erabilera, alegia, normalean esaten den bezala, hizketan aritzea mundu guztiari ezaguna izan ala ez, nahiz eta jatorrizko euskaldunek ederki ezagutzen duten norekin erabili eta norekin ez. Alegia, beti erabiliko dute konfidantza handikoekin edota hurbileko familiarekin.

Ezin ahantzi da, bestaldetik, alderdi demografikoen eragina: herrien hustuketa, nekazaritzaren utziera eta emigrazioarena, guztiak industrializazioak eraginda.

Dudarik gabe, hiriburuaren eragina oso nabarmena izan da, Iruñea gero eta handiagoa da, komunikazioak hobetu dira eta jende anitzek Iruñeko joan-etorria egiten du egunero lan egiteko.

Gainera, turismoa areagotu da, anitz dira herri hauetan bigarren etxe bat daukatenak asteburuetan etortzeko; honetaz gain, jende askoren bizimodua jatetxeetatik dator, eta hauek Iruñeko jende asko erakartzen dute.

Honek guztiak kanporako irekitzea dakar, lehenago itxiago zen gizartea, gero eta gehiago irekitzen ari da eta erdarak ere gero eta indar gehiago egiten du. Ezin ahantzi da, hala eta guztiz ere, euskara erakusten den eskola eta ikastolen eragina.

Hizkuntz heriotzaren seinale bat izan ohi da hizkuntz menperatu hauek erreserbatzen direla etxean edota familian erabiltzeko.